erradiazio infragorri

1. Fis.
7,5 × 10-7 eta 10-3 m bitarteko uhin-luzera duen erradiazio elektromagnetikoa, espektro elektromagnetikoan argi gorriaren eta mikrouhinen artekoa dena (maiztasun-tartea: 1 THz-etik 500 THz-era).

Erradiazio infragorria Edit

Egilea: Gotzon Aldabaldetreku, Gaizka Durana

ERRADIAZIO INFRAGORRIA

Infragorri hitzak “gorriaren azpian” esan nahi du, hau da, espektro ikusgaiaren kolore gorriaren maiztasunaren mugatik azpira dagoena. Sarritan, tarte infragorria hiru azpitartetan banatzen da: infragorri hurbila (espektro ikusgaitik gertuen dagoen zatia), 750 nm-tik 2,5 mikrometrorako uhin-luzera tartean; infragorri ertaina, 2,5 mikrometrotik 50 mikrometrorako uhin-luzera tartean; eta infragorri urruna, 50 mikrometrotik 1 mm-rako uhin-luzera tartean.

Erradiazio infragorria erradiazio termiko mota bat da. Begiarentzat ikusezina izan arren, azalean berotasun-sentsazio gisa detekta daiteke. Oro har, 10 K-etik gorako tenperatura duten objektu guztiek igortzen dute erradiazio infragorria. Adibidez, Eguzkitik iristen den energiaren ia % 50 espektro elektromagnetikoaren tarte infragorrian igortzen da, eta gainontzeko energia espektro ikusgaian eta ultramorean igortzen da.

Erradiazio infragorriek aplikazio ugari dituzte. Adibidez, substantzien eta molekulen barneko estruktura aztertzeko, substantzia horien espektroa neurtzen da tarte infragorrian, espektroskopia infragorria deritzon teknikaren bidez. Teknika bera erabiliz, objektu arkeologikoen jatorria zein adina kalkula daitezke, eta objektu artistikoen kopia faltsuak detekta daitezke. Urrun dagoen objektu baten tenperatura ere neur daiteke objektu horrek igortzen duen erradiazio infragorria aztertuz. Auto-focus sistema erabiltzen duten argazki-kamerak, adibidez, erradiazio infragorriaz baliatzen dira objektuen distantziak neurtzeko, eta pertsonak zein objektuak iluntasunean bereizten laguntzen duten gailuek ere printzipio bera erabiliz funtzionatzen dute. Zuntz optikoetan oinarritutako komunikazio-sistemek tarte infragorrian igortzen duten laserrak eta LEDak (argia igortzen duten diodoak) erabiltzen dituzte.

Medikuntzan ere erradiazio infragorriez baliatzen diren aplikazioak aurki genitzake, termografia, adibidez. Termografiak normala dena baino tenperatura altuagoa edo baxuagoa duten gorputz-atalak erakusten ditu; hala, osasun-arazoak adierazten ditu. Termografia industrian ere erabiltzen da, sistema elektronikoetan eta zirkuituetan gehiegizko bero-emisioaren ondorioz eragindako akatsak aurkitzeko.

Erradiazio infragorriak astronomiaren inguruan teknika berrien ikerketa sustatu du. Astronomia infragorriari esker, ikertzaileek izarrarteko hautsez osaturiko hodei luzeen atzean dauden objektu kosmikoak ikuska ditzakete, izarrarteko hautsak erradiazio infragorria argi ikusgaia baino gutxiago sakabanatzen duelako. Lurreko atmosferak erradiazio infragorria xurgatzen duenez, globoetan, misiletan eta sateliteetan sentsore infragorriak ipintzen dira Lurrera iristen diren erradiazio infragorriak aztertzeko.